Aurrekariak
Kapitulu honetan Arartekoak bi norabideetan egindako jardunak aurkeztuko dira, batzuetan aldi berekoak direnak. Batetik, gizarte zerbitzuek eta zerbitzu soziosanitaroek mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden pertsonei emandako arreta, adinari erreparatu gabe. Horrela, gai honen inguruan jasotako kexa guztiak zenbatu dira eremu honetan, baina ezgaitasuna duten pertsonei dagozkienak (65 urtetik beherakoak), zehatzago aztertuko dira III.3. atalean, ezgaitasuna duten pertsonei dagokiena, eta mendekotasuna duten haurrei dagokien ikerketa kualitatiboa Haur eta Nerabeen Bulegoaren txostenean egingo da.
Bigarrenik, eremuaren interesekoak dira adineko pertsonengan bereziki eragina duten gai guztiak, horien artean mendekotasuna. Giza-eskubideetan oinarritutako ikuspegi berriek (eskubideen titulartasunaren printzipioa), adineko pertsonen ahalduntasuna azpimarratu nahi dute, eskubidea duten subjektutzat joz, eta ez bakarrik gizarte asistentzia jasotzen duten pertsonak bezala bakarrik. Ikuspegi honek Herritartasun berri bat dakar, beharrezko bermeez gozatzen duena, rol eta aukera berriak hartzen dituena eta euren autonomia sustatu eta indartzen duena.
1. Arloa kopurutan
2016an, guztira 27 kexa berri erregistratu dira adineko pertsonen arloan, guztiak mendekotasunaren arretari lotuta. Batzuk mendekotasunaren balorazioen emaitzarekin duten desadostasuna adierazten dute, bai lehenengo balorazioan baita berrikuspen fasean ere.
Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako prestazio eta zerbitzuei lotutako kexen taldean, batzuk herrialdeen arteko ezberdintasunak adierazten dituzte, udalerri ezberdinek emandako modalitate bereko zerbitzuen arteko ezberdintasun aipagarrietan, prestazioen eta zerbitzuen arteko bateragarritasun graduari dagokion irizpide ezberdinak edo lurraldeen araberako zerbitzuen, zerbitzuaren intentsitatearen eta erabiltzaileak hura finantziatzeko parte-hartzean oinarrituta daude, prestazioaren lekuaren arabera.
Egoitza zerbitzuei dagokienean, kexa batzuk plaza faltari egiten diote erreferentzia, batez ere Araban buru-osasun arazoak dituzten pertsonei zuzendutakoetan.
Egoitza zerbitzuei lotuta kexetan adierazitako beste alderdi bat atzerapenak dira, batez ere zentro batetik bestera aldatzeko edo zentro batean sartzeko. Dena den, aitortu beharra dago kasu guzti hauetan plaza esleitu zaiela eskaera izapidetzen ari zen bitartean. Egoitza plaza publiko bat lortzeari lotutako azken kexa batek judizialki ezgaitasuna ez duten baina euren arretarako beharrezko laguntzak kudeatzeko baldintza pertsonalak betetzen ez dituzten eta hori egiteko gertuko familiarik eta baimena duena ez duten pertsonen ahulgarritasun egoera berezia planteatzen zuen.
Egoitza zerbitzuen arretaren kalitateari buruzko kexek (higiene gabeziak, momentu eta leku batzuetan berrikuspen gutxi, norberaren gauzen gaineko kontrol eza, etab.) Ikuskaritza Zerbitzuen jardunari buruzko interesa piztu dute, aztertutako kasu guztietan modu egokian jardun dutenak salatzaileen audientzia emanez, gertakariak tentu handiz ikertuz, zentroetan hobekuntzak proposatuz eta betetzeen jarraipena eginez. Jardun horrek, hala ere, ez du kasu guztietan zalantzan jarritako egoitza zentroan galdutako konfiantza berrezartzea lortzen.
Aurreko kexekin lotuta, zaharren-egoitza batean aldi baterako estantzia epe baten ostean emakume baten heriotzaren ondoren ondare arduragatiko erreklamazio judizial bat aipatzen duenez, familia batek Bizkaiko Foru Aldundian eskatutako bitartekaritza eskaria nabarmenduko dugu, administrazio honek erreklamatzen dituen kostu judizialen kopuru handiarekin lotuta. Jarduna amaitzeke, Arartekoak kexagilearen aldeko ebazpenarekin amaitzea espero du, bere garaian Administrazioarekiko auzibideko apelazioen arriskuak: erabiltzaileentzako informazioa hobetzeko eta Administrazioak kostu gisa erreklamatzen dituen profesionalen ordainsariak neurtzeko beharrari buruz foru erakundeak Arartekoaren 2/2009/32O Gomendio Orokorrari emandako erantzunari jarraiki, honakoa esaten duena: “Bizkaiko Foru Aldundiko Zerbitzu Juridikoei 2/2009/32O Gomendio Orokorra helarazi zaie, berariaz aintzat hartzeko aginduz eta horren arabera defentsarako izan duen profesionalaren ordainsari gisa erreklamatutako kostuak jurisprudentziak kostuok zuzenbidearekin bat datozela baloratzeko ezartzen dituen irizpideak modu neurtuan aplikatzearen emaitza izatea, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera”.
Prestazio ekonomikoei dagokienean, ohiko eskariak ebazpenetan ematen diren atzerapenei buruz ari dira, dena den, azkenean egoki ebazten dira, ondorioetarako data egoki aitortuta eta kopuru egokiak ordainduta.
Beste kexa gutxi batzuk prezio publikoari eta horri lotuta erabiltzaileak ordaindu behar duenari egiten dio erreferentzia. Egoitza zerbitzuetan eragina duten kasuetan, erabiltzaileek ez dituzte aintzat hartu euren erreklamazioetan aurreko urteetan egindako ondare emateak. Etxez etxeko laguntzaren kasuan, jasotako zerbitzuaren kalitatea zalantzan jarri gabe, eskatzaileak erakunde honek 2016an argitaratutako udal zerbitzu sozialen egoerari buruzko ez-ohiko txostenean dagoeneko jasotako gertakaria egiaztatu zuen (IV. kapituluan xehetasun handiagoz aurkeztutakoa), sektore pribatuko zaintzaileen eskaintzan dagoen lehiakortasunak, “merkatuko” prezio baxuekin, etxez etxeko asistentziaren eskaintza publikoarentzat suposatzen duena.
Azkenik, zentroetako, Lurralde Historiko ezberdinetara egoitza lekualdatzeei eta eguneko zentrorako garraio baimenei lotutako beste kexa eta kontsulta batzuk aipatuko ditugu.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Apirilaren hasieran Gipuzkoako Foru Aldundira zuzendutako ebazpen bat eman zen. Bertan, herritar baten Familia Inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoa iraungitzea erabaki zuen ebazpena berrikusteko aholkatu zen, baita kontzeptu honengatik jasotako prestazioak itzultzeko betebeharra aitortzen zuen ebazpena ere.
Familia Inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoaren iraungitzearen eta ondoriozko oker jasotako prestazioen erreklamazioaren oinarria zen zaintzailea ez zegoela onuradunarekin batera erroldatua. Hau egia izanda, kexagileak argudiatu zuen bere amarekin bizitza osoan bizi ondoren, etxebizitza aldaketa bere amaren mugikortasun beharrei erantzuteko eman zela, okupatzen zuten alokairuko etxebizitzan obra handiak egitea behar zutenak. Gauzak horrela, higiezin bereko beste etxebizitza batera eramatea erabaki zuten, bere beharrei arreta ematea errazteko (sendagaiak antolatu eta eman; eguneko zentroaren aurrean ardura gain hartu; hortzoi, presioagatiko ultzeren eta abarren ondoriozko zainketa higieniko-sanitarioak; elikadura; pixoihala aldatzea eta laguntza orokorra etxean dagoen bitartean) eta aurreko egoerari dagokionez aldaketarik ez jasateko.
Erakunde honen ustez, araudi horrek Autonomiarako eta Mendekotasunari Arreta emateko Sistema sortu duenak, besteren artean, mendekotasun-egoeran dauden pertsonak artatzeko eta babesteko xedea du. Familia Inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoaren kasuan, bizikidetza-betekizuna justifikatuta dago mendeko pertsonak behar dituen zainketak ziurtatzean. Kasu honetan, semeak urte askotan zaindu zuen ama, eta urte askotan bizi izan zen harekin. Arreta eta zainketak hobetzeko asmoz atari berean beste etxebizitza bat alokatzeko erabakiak ez zekarren bere gain hartutako legezko betebehar bat uztea, ezta seme gisa zuen konpromiso pertsonal eta morala uztea ere.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak aholkatu zuen irizpide hori Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 4. artikuluan adierazitako Herri-Administrazioen esku-hartzearen printzipioen arabera interpretatzeko, irizpideak betetzeko exijitzean neurri ez-murritzaileena aukeratzeko, eta interesa babesteko beharra arrazoitzeko.
Gomendio hau ez onartzeko erantzun horretan, abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretuan ezarritako aurreikuspenak bete dituela aipatu du foru sailak. Era berean, Lurralde Kontseiluak Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren inguruan egindako Hitzarmena eta abenduaren 27ko 1051/2013 Errege Dekretua aipatu dira. Errege dekretu horren bidez, bizikidetza-betekizuna salbuestea aurreikusten da baliabide publiko edo pribatu egiaztatu nahikorik ez dagoen ingurunea denean, baina hori ez da oraingo kasua. Legearen aurreikuspen hauek, ezinbestean, aintzat hartu zituen erakunde honek gomendioa egiterako orduan eta zehazki, irizpidearen salbuespenen existentzia nabarmentzeko helburuz. Azpimarratu nahi dugu, iradokizuna bidaltzeko orduan, kontuan hartu zela zaintzailea higiezin eta atari berean bizi zela, eta, beraz, mendekotasun-egoeran dagoen pertsonaren arreta eta zaintzak bermatuta zeudela. Prestazioaren helburua, erakunde honen ustez, berdin jarraitzen zuen. Izan ere, foru erakundeak une batean ere ez du adierazi beste etxebizitza atari berean alokatzeko erabakiaren ondorioz, babes txikiagoa eta arreta gabezia egotean. Gainera, bizi-baldintzak hobetzeko hartu zen erabaki hori. Zentzu horretan, Kode Zibilaren 3. artikulua aipatu da. Kode Zibilaren aurretiko izenburuan, “Arau juridikoei, ezartzeari eta eraginari buruz” atalean, dago jasota hori, eta oinarrizko araua da zuzenbidearen ezarpenean: “Arauak hitzen berezko zentzuari jarraiki interpretatuko dira, aplikatu behar diren garaiko testuingurua, aurrekari historikoak nahiz legegintzakoak eta gizarte errealitatea aintzat hartuta eta, funtsean, haien espiritu eta xedeari jarraiki”.
Etxebizitza-aldaketa beste higiezin batera egin izan balitz, distantzia handiagoa egongo zatekeen, eta zentzua edukiko zukeen betekizuna betetzeko eskaera zorrotz eta baztertzaile horrek. Kasu honetan, ordea, aurretik familia-bizikidetza egon dela egiaztatuta, eta mendekotasun-egoera hain handiarekin, araudiaren beste interpretazio bat egin liteke; hots, erakunde honek iradokizunean azaldutako horixe.
2.2. Beste kexa pare batzuk, Familia Inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoaren gainekoak ere, zaintzailearen heriotza aipatzen dute. Bi kasuetan, mendekotasun-egoeran dagoen pertsonaren beharrak ez ziren aldatu zaintzailea hil zenean. Era berean, ez zen aldaketarik egon behar horiek betetzean, jarraitzen baitzuen arreta jasotzen, etenik gabe, beste senide baten esku. Gainera, zaintzaile berriek diligentzia berezia nabaritu zuten gertakarien jakinarazpenean eta zaintzaile berria aitortzeko dokumentazioaren aurkezpenean. Horretaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak jarraitutako prozedura, zeinaren bidez Familia Inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoa iraungi zen, hildakoa zaintzaile bezala aitortzen duena eta berriz ere horren eskubidea ematen diona zaintzaile berriarekin, prestazio gabeko hilabete batzuk pasatzeko haina atzeratu da. Arartekoaren esku-hartzea, beraz, zaintzaile ez profesionala aldatzeagatik emandako aldaketetarako ezarritako prozeduren eragina aztertu du; horrez gain, egikaritu diren denborak aztertu egiten dira.
Kasu hauetan, Arartekoaren iritziz, prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzearen aldeko interpretazioa egin daiteke, zerbitzu edo prestazioaren onuradunaren kalterakoak diren etenik edo aldaketarik eragin gabe. Interpretazioak legezko babesa du aurretik aipatutako Sektore Publikoaren araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 4. artikuluan.
Bizkaian Familia Inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoa erregulatzen duen araudiak (ezta azaroaren 29ko 179/2011 Foru Dekretuak ez etaurriaren 11ko 152/2016 Foru Dekretuakere) ez dute zaintzaile printzipalaren aldaketa egoera berariaz aipatzen, prestazioaren iraungitzerako ez bada. Egoera ohikoa ez bada ere, ezin da esan gutxitan gertatzen denik. Hortaz, erakunde honek gomendatu nahi dio Bizkaiko Foru Aldundiari familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikoaren arautegian zaintzailearen aldaketari buruzko xedapenak sar ditzan (baita aurrekarien existentzia ere), arreta behar duten pertsonak zaintzen jarraitzeko; bestela, baliteke pertsona horiek babesik gabe geratzea.
Gizarte Ekintza Sailak helburu hori lortzeko neurriak hartzea aurretik informazio-eskaeran aurkeztutako proposamenetako bat izan zen; eta foru erakundeak aztertzen ari zela erantzun zion horri. Arartekoak positiboki baloratu du aldeko xedapen hau, duela gutxi onartutako Familia Inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoaren erregulazio berrian behintzat islatu ez bada ere.
2.3. Arartekoak apirilean ofiziozko jardun bat abiarazi zuen (ebazpenean lagundu zuen kasu partikular batean egindako esku-hartzetik sortua), istripu, traumatismoa, prozesu kroniko baten okertzea edo larrialdi/interbentzio kirurgikoa, espero gabeko lesio larriak sortu duena eta eguneroko oinarrizko jarduerak egitea mugatzen diena, izan duten pertsonen hasiera bateko mendekotasunean aurreikusitako arretari eta ospitaleko altari lotutakoa. Zaintza soziosanitarioen intentsitate altua behar duten egoerak.
Kasurik onenean, pertsona hauek euren senideen laguntza izango dute, baina hala ere, izan daiteke sarrera errazten dien aparkalekurik ez duen errehabilitazio zentroetara edo beste instantzia batzuetara joan behar izatea, edo etxebizitza egokitzeko edo laguntza teknikoen gastuei aurre egin (aulkiak, oheak, garabiak...), beti egin ezin den gastu handi bat dena. Baita ere posible da unitate soziosanitarioetara bideratuak izatea, eskuragarri dagoen informazioaren arabera beharrak eta eskariak dauden plazak baino gehiago dira.
Edozein kasutan, Arartekoak hiru foru aldundietan eta Euskal Kontseilu soziosanitarioan behar egoera hauen, eta batez ere, ondorengoen, gainean galdetu zuen: 1) Mendekotasunaren balorazioan aurreikusitako ohiko epeak eta salbuespenak, egoera egonkorrei arreta emateko; 2) lurralde bakoitzean pertsona hauei arreta emateko zerbitzu eta prestazioak, ezgaitasun edota mendekotasuna baloratzeko aurreikusitako epea lortu arte; 3) egoera hauetako arreta hobetzeko eman beharreko erantzun posibleen gainean duen iritzia.
Jarduna amaitzeke oraindik, galdetutako administrazio guztiek adierazi dute behin betiko mendekotasunari laguntzeko errekurtso sistema bat existitzen bada ere, ez dugula errekurtsoen partekatutako zerrendarik gaixondo, mendekotasun iragankorrerako edo egonkortu gabekoentzat. Ildo honetan, euren iritzia da, Arartekok ere konpartitzen duena, eremu soziosanitarioaren garapen handiago baten beharra, zerbitzu soziosanitarioen zerrendaren definiziotik ospitaleko alta eman ondoren gaixondoei erantzunak ematean aurrera egiteko, izaera iragankorreko etxeko zerbitzuak unitate soziosanitarioetan plaza kopuru nahikoarekin batuz, lurraldean egoki banatuta egongo direnak. Baldintza horietan, pertsonek euren ezgaitasun edota mendekotasun graduaren balorazio prozesuei aurre egin ahalko diete, eta ondorengo zerbitzu eta gizarte prestazioei ere, arreta eta laguntza egokia jasoko dutelarik.
Edozein kasutan, hauematen den bitartean, Arabako Foru Aldundiak mendekotasun eta ezgaitasun egoerak aitortzeko prozedura erregulatzen duen 36/2014 Foru Dekretua onartu zuen, abuztuaren 3ko 56/2016 Foru Dekretua, ospitaleko alta eman ondoren gertakizun hauen balorazioa ahalik eta lasterren abiarazteko aukera ez-ohiko moduan jasoz. Hau pozteko arrazoi bat da erakunde honentzat.
2.4. EUSTATek Arartekoari jakinarazi dio 2016ko azaroan euren estatistika betebeharrak betetzean adineko pertsonen kolektiboari sortutako eragozpenak gutxitzeko protokoloa onartu zuela. Jardun hau lotuta dago erakunde honek abuztuan emandako iradokizunarekin, era berean pertsona batek bere amaren izenean jarritako kexatik sortutakoa, 2015eko Familia-Ingurumen Inkestarekin lotutako estatistika datuak lortzeko sortutako eragozpenen aurrean, bere adina dela eta. Gomendioak estatistika betebeharren aitzaki egoerak erregulatzeko helburua zuen, arrazoia inkestatutako pertsonen adina izanik. Modu berean, Arartekoak Eustati hori kontuan hartzeko eskatu zioen, beren beregi adineko pertsonei egindako prozedura eta galdetegietan, eta zuzenean datu estatistikoak lortzerakoan gehiegizko karga saihestu beharko du.
EUSTATek onartutako protokoloak inkestatzaileek adina, mendekotasun larria edo osasun txarra dela eta erantzuteko zailtasunak dituztela ikusten badute jarraitu beharreko prozedura ezartzen du. Protokoloak informazioa zuzenean adineko pertsonetatik, euskal populazioaren handitzen doan zatia, lortzeko interesa ahalik eta arazo gutxien sortzeko konpromisoarekin lotzen du. Oso nagusiak diren pertsonen kasuan edo informazioa eskuratzea zail egiten duen egoera batean dauden pertsonen kasuan, erantzuna hirugarren pertsonengandik jasotzeko aukera ere badago (familiako kideak edo kofidantzazko pertsonak), beste neurri batzuen artean. Era berean, prozedura bat ezarri da, erantzuteko ezintasuna dagoela adierazi duen bigarren kontaktu bat eta gero, operazioa ikuskatzen duen pertsonak inkesta behin betiko bukatutzat eman dezan.
Arartekoak uste du EUSTAT/Estatistikaren Euskal Institutuaren protokolo horrek eskatu zaizkion neurriak barne hartu dituela, kasu bakoitzean, datu estatistikoak zuzenean biltzerako orduan kolektibo horri gehiegizko kargarik ez ezartzeko.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
3.1. Ez dugu topatu berariaz adineko pertsonen giza-eskubideez arduratzen den Nazio Batuen nazioarteko instrumenturik (Hitzarmen,Itun, Paktu), baina badira hauen egoeraren gaineko Asanblada Orokorraren ebazpen ugari. Horien artean Adineko Pertsonen aldeko Nazio Batuen Printzipioei buruzko 46/91 Ebazpena nabarmentzen da. Bertan, “gobernuei euren nazio programetan ahal den guztietan honako printzipioak barne hartzeko eskatzen zaie; independentzia, parte-hartzea, zaintzak, autoerrealizazioa eta duintasuna”.
Nazioarteko eremuan oraindik, Nazio Batuetako kide diren Estatuek nazioarte ekintza planak hartu dituzte (Viena, 1982, eta Madrid, 2002), zahartzeari buruzko lan-taldeak (2011ko otsailaren 4ko Nazio Batuen Asanblada Orokorraren 65/182 Ebazpenaren bidez sortua) eta adineko pertsonek giza eskubide guztiez gozatzeko aditu independenteak (2013ko irailaren 27ko Giza Eskubideen Kontseiluaren 24/20 Ebazpenaren bidez izendatutakoa) ebaluatutako eta jarraitutakoak. Azken txostenean, 2016ko uztailaren 8an aditu independente honek aurkeztutakoa, Zahartzeari buruzko Madrileko Nazioarteko Ekintza Plana ezartzeak giza-eskubideen eremuan dituen ondorioen analisiaz gain, indarrean dauden nazioarteko instrumentuen ezarpena ebaluatu da adineko pertsonei dagokienean, aldi berean praktika onak eta hautemandako gabeziak zehaztuz. Beste gomendioen artean, Estatuei adineko pertsonen giza-eskubideen babesa indartzeko modurik onena zehazteko esfortzuak handitzeko eskatu zaie, eta aurkeztutako proposamen ezberdinak kontuan hartzeko, bereziki adineko pertsonen eskubideei buruzko hitzarmen bat egitea.
3.2. Mendekotasun egoera aitortzeko, familia ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoa eta egoitza zerbitzura lotutako prestazio ekonomikoa prozedurak erregulatzean eragina duten Bizkaiko araudietan aldaketak eman dira, batez ere euren edukiak Euskal Gizarte Zerbitzuen Sistemaren prestazioen eta zerbitzuen zerrendari buruzkourriaren 6ko 185/2015 Dekretuaneta prozedura administratiboak egoitza elektronikoan sartzetik sortutako aginduek ezarritakoari egokitzeko beharretik sortua, (2015ean herri-administrazioen «ad extra» eta «ad intra» harremanak, hurrenez hurren,erregulatzen dituzten Herri-administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkourriaren 1eko 39/2015 Legeaeta Sektore Publikoaren araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen onarpenarekin lotutakoak). Laugarren dekretu batek, mendekotasuna duten pertsonak eguneko zentroetan sartzea aldatzen duenak, erabiltzaileen arretarako zonifikazio berri bat barne hartzen du, EAEko Gizarte Zerbitzuen Maparen araberakoa, eta zerbitzuaren erabilera modalitateetan malgutasun garrantzitsua ere barne hartzen du, hura garraiorik gabe erabiltzeko eta asteburuetara hedatzeko aukera ere sartuz.
Araban, “kexa azpimarragarrien” 2. atalean adierazten zen bezala, mendekotasun egoera aitortzeko prozeduraren dekretu erregulatzailearen aldaketa onartu da kasu batzuen aitortzea barne hartzeko (istripu larrien edo gaixotasun neurodegeneratiboen kasuak, lesioak “per se” behin betikoak diren eta edozelan ere okerrera joan daitezkeenak), orokorrean gabezien behin betiko izaera ulertzeko beharrezkotzat jotako denbora itxarotea egokia ez denean.
3.3. Araban ere aurten Arabako Lurralde Historikoko Gizarte Zerbitzuen Mapa 2016-2019 onartu da, Foru Aldundiak eta Lurraldeko Udalek EUDELek ordezkatutakoak, egindako lanaren fruitu gisa. Mapak Arabako prestazio ekonomikoak eta zerbitzuak barne hartzen ditu, bai foru eskumenekoak baita udal eskumenekoak ere. Lurraldearentzat adostutako zonifikazio geografikoa deskribatzen du eta hurrengo 3 urteetarako garapen aurreikuspenak jasotzen ditu. Modu osagarrian, Arabako Foru Aldundiaren eta arabar udal bakoitzaren arteko akordioa eta ondoriozko zerbitzu eta prestazioen lekualdatzeko lanak jarraitzen du, hauen osaketa zerbitzu sozialen legeak bakoitzari esleitzen dion eskumenaren arabera. 2016an oso aurreratua zegoen Gasteizko udalarekin, eta Diputatuen Kontseiluak abenduko azken egunetan bi urteko epe iragankor bat ezartzea adostu zuen, 20.000 biztanle baino gutxiago dituen arabar udalerri bakoitzarekin berrantolaketa hau adosteko. Denbora horretan, Arabako Foru Aldundiak inolako aldaketarik gabe egun ematen dituen udal eskumena duten gizarte zerbitzuak ematen jarraituko du.
Gasteizko Udalak, bere aldetik, bere gizarte zerbitzuetako sailaren Plan Estrategikoa egiteko gogoeta prozesu parte hartzaile zehatz eta sakona egin du.
3.4. Urte hasiera, Eusko Jaurlaritzak Demografia Aldaketari buruzko Europar Itunera gehitu zen, europar Eskualdeen Batzordeak sustatutakoa, zahartze aktiboa eta adineko pertsonekin adiskidetsuak diren inguruak eta ikasteko eta kolaboraziorako aukerak ere bultzatzen dituena.
Euskadirentzat Zahartze Aktiboaren Estrategia 2015-2020 markoaren barruan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak urte amaieran Gobernantza +65 ekimena jarri du martxan. Ekimen hori, sustatzaileen arabera, adineko pertsonen ordezkaritza eredu bat zehazteko asmoz sortu zen, eurengan eragina duten erabaki politiko eta sozialetan parte hartzeko. Gogoeta prozesu honetan pertsona asko ari da parte hartzen, horien artean erakunde honen ordezkariak.
Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategiarekin lotuta Euskadi Lagunkoia Sustraietatik, udalerrien sarea ere dago, 2016 hasiera 28 udalerrik osatzen zutena. Ekimenak adineko pertsonen eta orokorrean herritarren parte hartzea sustatu nahi du, bizi garen auzoak eta inguruak hobetzeko eta aldi berean guztiontzako adiskidetsuagoak diren inguruak sustatzeko.
3.5. Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak adineko pertsonei zuzendutako orientazio juridikoko doako zerbitzua martxan jarri dela zabaldu du Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren laguntzarekin. Zerbitzuak oinarrizko aholkularitza juridikoa ematen du, zalantzak argituz, eta, hala badagokio, arazo larrienak konpondu ditzakeen pertsonarengana bideratuz.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Urte honetan EAEn gizarte zerbitzuen plan estrategikoaren garapenak aurrera jarraitu du, 2015. urte amaieran onartutakoa. Lurralde analisi, akordio eta konpromisoetan sakontzen jarraitu dute, gizarte zerbitzuen Mapak direnak (2015ean Gipuzkoan eta 2016an Araban). Horietan, mendekotasun egoera jorratzen da, gutxienekoetatik larritasun handiena dutenera. Garrantzitsuak dira Legeak aitortutako gizarte zerbitzuetarako eskubidea bermatzeko egiten ari diren esfortzuak, eta hori praktikan lurraldeen arteko ezberdintasunak murriztean eta pertsonenganako arretaren kalitatea hobetzean eragina izan beharko luke. Iaz bezala positiboki baloratu zen adierazitako Plan Estrategikoaren onarpena (EAEko Gizarte Zerbitzuen Mapan sartutakoa) eta prestazio eta zerbitzuen Zerrenda Dekretua, 2016an emandako aurrerapenek iritzi positiboa eta itxaropenekoa merezi dute.
4.2. Erakunde honek gizarte zerbitzuen sistema integratutako funtzionamenduan eta Zerrendan agertzen diren mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzu eta prestazioak hobetzeko kontuan izan beharko zirela uste dituen elementuetako batzuk adierazi dira udal gizarte zerbitzuen egoerari buruzko ez-ohiko txostenean, txosten honetako IV. kapituluan xehetasun handiagoz aurkeztuko dena. Mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden pertsonei arreta emateko ikuspuntutik, azpimarratu behar dira honakoei buruz ari diren gogoetak (txostenaren ondorioekin lotutakoak):
• Esku-hartzearen eredu komunitarioari eta arretaren jarraikortasun printzipioari edukia ematea, pertsonari bere bizi prozesuan arreta bermatuz arreta horretan eteteak edo atzerapenak eman gabe.
• Profesionalen diziplina anitzeko ekipoak konfiguratu, kantitate nahikoarekin eta kualifikazio egokiarekin.
• Koordinazio horizontaleko egiturak artikulatu, kolaborazioa, gogoeta, informazioa eta lehenengo arretako gizarte zerbitzuen laguntza teknikoa errazten dutenak.
• Pertsonak banakako esku-hartzean edo esku-hartze familiarrean parte hartzea sustatu.
• Prebentzio jarduerak indartu.
• Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren gaineko gogoeta sakonari ekin, zaintzaileen laguntza zerbitzua bultzatu eta eguneko hartze zerbitzuak eta lehenengo arretako egoitza zerbitzuak garatu.
• Legean aurreikusitako araudi garapenean aurrera egin (Zerrendako zerbitzu eta prestazio bakoitza erregulatzen duten arauak) eta Zerrenda egoki eguneratuta mantendu, pertsonen behar aldakorrei egokituz.
• Lehenengo arretaren eta bigarren mailako arretaren arteko koordinazioa hobetu, baita arreta soziosanitarioa ere.
4.3. Erakunde honek adierazi duen bezala, babes-maila osagarriak sustatzeko aukera horrek Sistemako osagai garrantzitsua izaten jarraitu behar du. Mendekotasunera bideratutako gastu publikoa ez da abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritakoari egokitzen. Estatuko Administrazio Orokorraren ekarpena, adostutako mailaren ezabatzea, gutxieneko mailaren murrizketa eta familia zaintzaileen kotizazioen ezabatzea kontuan hartuz, ikerketen arabera gastu publikoaren %22,6 igo da, gainontzeko %77,4 autonomia erkidegoen kontura geratuta. Testuinguru horretan, euskal administrazio publikoek babes jarraituko maila osagarriak hartzea errealitate bat izaten jarraitzen du. 2015ean errealitate hau berariaz aipatzen bazen aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legeak Euskadin izandako inpaktu txikitua azpimarratzeko, aurtengo adierazpena mendekotasuna baloratzeko baremo berriarekin mendekotasun gradua berrikusi ondoren dagokion prestazio batzuen intentsitatea ez murrizteko erabakia da.
4.4. Arartekoak aurreko txostenetan ere adierazi du mendekotasuna baloratzeko baremo berria ezartzeak,otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretuarenbidez onartutakoa, 2012ko otsailean indarrean sartu zena, ondorio argiak izan dituela balorazioen emaitzari dagokionez, eta zerbait gogortu direla esan daiteke (apur bat beherantz doazen emaitzekin), gehiago nabaritzen dena, orokorrean, ezgaitasun intelektuala edo buru-gaixotasuna duten pertsonetan. Baremoaren aldaketa, haren eduki eta erabileran adituak diren pertsonen arabera, aldaketa argigarriak eta mendekotasun egoerak neurtzean egokitzapen hobea suposatu du. Zentzu honetan, besteren artean, baloratutako pertsonaren osasunaren gaineko alderatutako informazio nahikoa bermatzea suposatu du; eguneroko bizitzaren oinarrizko jarduera bakoitza osatzen duten lanen banaketa egokiagoa, baremoaren analisiaren helburua dena; lan hauek mendekotasuna dela eta edo, aldiz, gizarte, kultural, gainbabesa, eta abarreko arrazoiengatik ez egitea ezberdintzea, mendekotasun gisa joko ez zirenak; lanean laguntzeko beharrean maiztasun faktorea sartzea, mendekotasun iraunkorraren larritasun handiagoko egoerak hain larriak ez direnetik bereizteko eta zehazteko aukera ematen dutenak; balorazioaren behin betiko edo behin-behineko balioa zehazteko irizpide argiak ezartzea. Horretaz gain, hala ere, baremoa eta hura ezartzeko gidaliburua hobetu daitezke, goian adierazitako ezgaitasun intelektuala edo buru-patologia duten pertsonen balorazioetako datuak aurkezten duela ematen duen bezala. Ildo honetan, mendekotasun graduaren balorazioa oinarritzen duen txostenaren izaera teknikoa aintzat hartuz betiere, erakunde honi balorazio bakoitzaren eduki zehatzari buruzko adierazpenak egitea galarazten diona, ezarri beharreko erreferentziadun araudiak eta irizpide eta puntuazio sistema oso zehatzak existitzen direnez (kexagileei gai guzti hauen berri eman zaie), Arartekoak Mendekotasunari Autonomia eta Arretarako Sistema ezartzeari lotutako elementuak aztertu, baloratu eta aukeratzen dituzten organoetan presentzia duten administrazioei ahultasun hauek parte hartzeko aukera duten estatuko, erkidegoetako edo edozein motako bileretan adierazteko eskatu die.
4.5. Berriz ere nabarmendu nahi genukeen gauzetako bat hauxe da: komenigarria izango litzateke balorazioari buruzko irizpena mendekotasunaren aitorpenari eransteko aukera aztertzea. Gure ustez, konpondu behar den gaia da, eta aztertu beharko litzateke mendekotasunari buruzko aitorpenetan oro har aplikatzea.
4.6. Egoitza errekurtsoetako plazak handitzeko beharra, behar mota guztietarako -mendekotasuna, babesgabetasuna, bazterketa- egun indarrean dauden Gizarte Zerbitzuen Mapetan islatzen da eta aintzat hartu da (Euskadi, Gipuzkoa, Araba). Guztiek jaso eta estaldura handitzeko helburu garrantzitsuak planteatzen dituzten arren, aurten erakunde honen jardueran izan duen presentzia dela eta, egoitza zentroetan eta buru-gaixotasunak dituzten pertsonentzako laguntzak dituzten etxebizitzetan dauden plaza beharra azpimarratu nahi dugu. Egungo errealitatea da eskuragarri dauden plaza urritasuna, errotazioa txikia dela eta egoera larrienentzako arreta lehenesten duen irizpidea dela eta, pertsona batzuk –oso larriak ez diren mendekotasun mailarekin eta ekonomia baliabide batzuekin– denbora luze egoten direla itxaron zerrendetan.
4.7. Ardura bezala azpimarratu nahi dugu istripua izan duten edo degenerazio prozesu baten garapen azkarra dela eta, adibidez, ospitale alta ondoren euren eguneroko oinarrizko jardunetarako euskarria larritasunez behar duten pertsonek arreta denbora eta modu egokian eskuratzeko dituzten zailtasunak. Mendekotasuna baloratzeko prozedura, egoera onartzeko diseinatutakoa, beharraren oreka fasean dagoenean, baloratzeko 6 hilabeteko itxaronaldia ezartzen du, kasu hauetan amaigabeak eta onargarriak ez direnak laguntza eza dela eta. Oraindik ondorio zehatzagoa falta denez, erakunde honek uste du duten ahulgarritasuna dituzten beharrak azkartasun nahikoarekin arreta ematen dioten esku-hartze soziosanitarioko programak martxan jartzeko exijitzen dutela, mendekotasuna baloratzeko prozesua egin aurretik edo bitartean.
4.8. Urtez urte errepikatu dugu politika publikoek adineko pertsonen parte hartzea erraztu behar dutela eta gizarte aldaketari egindako ekarpena aitortu, gizarte esku-hartzean eta bitartekaritzan merezi duten protagonismoa eta gaitasuna emanez. Helburu honekin Euskadik konpromisoa hartu duen ekimen ezberdinak -Euskadirentzat Zahartze aktiborako Estrategia (2015-2020), Euskadi Lagunkoia udalerri lagunkoien sarea, Demografia Aldaketari buruzko Europar Ituna- gure adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta gizarte ongizateari egindako ekarpena sustatzeko instrumentu garrantzitsuak izan daitezke. Inplikazio aldetik suposatzen dutenaren balorazio positiboa ez da euren garapenerako errekurtsoen dedikazio urriagatik murriztua izan behar.
4.9. Estatu mailako ikerketa batzuen arabera, mendekotasunari arreta emateko gizarte zerbitzuek enplegua sortzeko eta itzulerak lortzeko gaitasun ikaragarria aurkeztu dute. 2015ean (oraindik ez ditugu 2016ko daturik), gastu publikoko milioi bakoitzetik sortutako enplegu zuzenen ratioa 35ekoa izan zen eta itzulera tasa %38,3koa. Kalkulu berdinen arabera, espainiar Estatuan itxaroten dauden 384.000 pertsonei arreta momentu honetan ematekotan -modu horretan Legea betez-, 90.000 ex-novo enplegu zuzen baino gehiago sortuko lirateke. Horrela, gizarte zerbitzuetako sistema honen ekarpenak azpimarratu behar ditugu, mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden pertsonei eta adineko pertsonei ongizatea emateaz gain komunitatearentzat enplegu eta diru-sarrera iturrien sorrera da.